2ª DIVISIÓN | jueves, 5 de junio de 2014
Goizarin (Diario Vasco)
Oiartzungo emakumeen futbol taldeak sasoi bikaina bukatu berri du. Bigarren Mailako ligan bigarren postuan amaitu du eta denboraldi ezin hobea burutu du
Alazne Inziarte erdilari oiartzuarra taldeko beteranoetakoa da. Hogeita zortzi urteko gazteak Magisteritza ikasi zuen eta gaur egun irakasle lanetan dabil. Azkeneko urtean haren taldeak egindako lanaz eta orain arte eginiko kirol ibilbideaz hitz egiteko aitzakian elkartu gara.
-Bosgarren aldiz lortu duzue Superligako Igoera Fasea jokatzea. Gogor lan egin duzue?
-Bai noski, eta askotan ez da nahikoa gogor lan egitea maila hauetan. Izan ere, talde guztiak oso gogorrak dira eta besteek ere gogor lan egiten dute urte guztian zehar. Urte edo denboraldi oso batean dena da garrantzitsua eta ezinbestekoa emaitza onak izateko: prestaketa fisiko egokia, taldeko giroa, konpromisoa, taldea egoki gidatuko duen entrenatzailea, asko jokatzen ez duen jendearen jarrera, . eta zorionez gure taldeak horiek denak betetzen jakin du aurten.
-Nolakoa izan da Igoera fasea?
-Hilabete bat lehenago jakin genuen igoera fasea jokatuko genuela, bigarren postua gurea zelako, eta uste dut ordutik pixka bat urduritzen hasi ginela. Urduritasun horiek gure jokoan eragina eduki dute eta alde horretatik Albaceteren kontra jokatutako bi partidak ez dira gure bertsiorik onena izan. Igoera fasea irabaztea ez dugu lortu, baina uste dut gauza asko irabazi ditugula bidean. Alde batetik, izugarria izan da jarraitzaileek emandako erantzuna eta transmititu diguten indarra. 60 lagunez bete genuen autobusa Albacetera joateko eta hunkigarria izan zen, bertako zelaian etxean bezala sentitzea. Bestalde, etxean jokatutako partidan ere zelaia betetzea lortu zen eta gaur egun emakumezkoen kirolean hori ez da ohikoena. Gainera partida polita eta tentsioz betetakoa ikusteko aukera eduki zuten eta gehiengoak disfrutatu zuela esango nuke. Horrek aurrerantzean zaleak erakartzeko eta gure lana eta jokatzeko daukagun maila errekonozitzeko balio duela iruditzen zait. Eta bukatzeko, taldearentzako esperientzi polita izan da eta hurrengo urteari begira indarrak emango dizkigu lanean eta elkarrekin jarraitzeko.
-Aurten entrenatzaile berria izan duzue, Jon Alkorta. Eraginik izan al du aldaketak?
-Bai. Lau urte pasa ditu taldeak entrenatzaile berdinarekin eta gehiengoak aldaketaren beharra sentitzen zuen. Hasiera batean, elkar ezagutzeko denbora behar da, lan egiteko moduak desberdinak direlako baina segituan lortu genuen taldetxoa osatzea eta denak batera, bide berdinetik ibiltzea.
-Futbola talde jokoa da. Jokalarien arteko giro ona ezinbestekoa da emaitza onak izateko.
-Guztiz ezinbestekoa. Uste dut talde batek funtzionatzeko gauzarik garrantzitsuenetako bat dela. Denak taldekoak sentitu behar dute eta gertatzen diren gauzen arduradun, bai irabazi bai galdu. Horrela, edozein arazoren aurrean talde bezala indarrak ateratzea errazagoa da eta momentu txarrei buelta ematea ere. Denak ez badira norabide berdinean joaten, bidea okertzen da.
-Nola hasi zinen Oiartzungo Kirol Elkartean?
-Hasiera batean Haurtzaro ikastolan aritu nintzen eskola kirolean, askotan mutilekin nesken talderik ez zegoelako. Gero, nesken taldea osatzea lortu zen. Hondartzan ere jolasten genuen. Hortik eman nuen saltoa OKEra, territorial mailara eta pixkanaka, lan eginez, lehenengo taldera iristea lortu dut.
-Beti kirol batean murgilduta ezagutu zaitugu. Lehendabizi judoan, gero futbolean.
-Nire bizitzako alderdirik garrantzitsuenetako bat da kirola. Izugarri gustatzen zait kirola praktikatzea eta asko gozatzen dut sentiarazten didanarekin. Kirolen bat egiten ari naizenean ez dut deus gehiagotan pentsatzen, hori da gehien gustatzen zaidana.
-Oraindik ere alde handia al dago gizonezkoen eta emakumezkoen kirolaren artean? Zertan nabaritzen duzu aldea?
-Zoritxarrez oraindik ere izugarrizkoa da aldea. Gainera normalean ezberdintasunez hitz egiten hasten garenean, alderdi ekonomikoetan jartzen dugu begia, eta egia da izugarrizko aldea dagoela ekonomikoki, baina niri pertsonalki min gehien ematen didana ez da justu hori. Gure lana ez baloratzea da mingarriena. Ikusi besterik ez dago ze jendetza egoten den gizonezkoen partidak ikusten edo gureak. Argi ikusten da gizonezkoak izate hutsagatik garrantzi handiagoa hartzen duela egiten dutenak.
-Zer esango zenieke astero-astero izan dituzuen jarraitzaileei?
-Lortu duguna denon artean lortu dugula eta beraiena dela zati bat. Eskerrak eman behar diegu astero-astero gurekin etortzeagatik partida guztietara. Ez baita erraza bi astetik behin autobusa hartzea igande arratsalde batean partida bat ikusteko Bizkaia aldetik adibidez. Guri ere batzuetan gogorra egiten bazaigu. Hala ere, oso giro polita daukate zaleen artean eta batzuetan gu baino hobeto pasatzen dute! Kar-kar! Izugarriak dira!
-Eta orain zer?
-Orain azkeneko entrenamenduak egin eta abuztu bitarte udaraz gozatzera, bada garaia eta!!