TERRITORIAL GIPUZKOA | domingo, 12 de octubre de 2014
Isei Barbero - mondraberri.com
Emakumezkoen arteko derbya jokatu zuten Arizmendik eta Mondrak zapatu arratsaldean Ibarrako futbol zelaian, Aretxabaletan, eta garaipena etxekoentzat izan zen 3-2ko emaitzarekin. Horrelako hitzorduetan ohikoa izaten den moduan tentsioa eta urduritasuna izan ziren nagusi, eta lehen zatia golik gabe amaitu bazen ere, atsedenaldi ostean bost tanto ikusteko parada izan zuten Ibarrara gerturatutako zaleek. Aritz Elorzaren neskak uneoro izan ziren aurretik markagailuan, halere, sarrailagileek ez zuten etsi eta norgehiagoka amaierara arte borrokatzen jarraitu zuten. Partiduaren atarian Arrasateko taldeak detaile polita izan zuen Jon Zuloagarekin, Oñatin larri zauritutako udaltzain arrasatearra eta Mondrako emakumezkoen taldeko entrenatzaile izandakoa 2010 eta 2013 urteen artean, bere aldeko pankartarekin egin baitzuten salto berdegunera.
Esan bezala, aurreneko 45 minutuetan ez zen golik ikusi. Bi hamaikakoak urduri xamar zelairatu ziren, halere, hasierako minutuetan baloiaren jabetza etxeko taldearena izan zen. Minutuak aurrera joan ahala, baina, Mondrako neskek lekua hartu zuten zelaian eta indarrak parekatu egin ziren. Hala eta guztiz ere, lehen zati osoan ez zen gol aukera garbirik ikusi, eta 0-0eko berdinketarekin joan ziren atsedenaldira bi taldeak.
Aldageletatik bueltan Mondrak markagailua estreinatzeko abagune garbia izan zuen, baina Nerea Dorronsorok ez zuen asmatu baloia sareetara bidaltzerako orduan. Aritz Elorzaren nesken erantzuna berehala etorri zen, Jennifer Guerrero atezainaren aurrean izandako beste bi gol aukerekin. Horietako batean Arizmendikoek baloia kanpora bidali zuten eta, bestean, atezain zuri-moreak gelditu bikaina egin zuen.
Minutu horietan Mondrako neskak noraezean ari ziren, etxekoek baloiaren jabetza zutela, eta testuinguru honetan heldu zen norgehiagokaren lehenengo gola. Bisitarien protestak tarteko, epaileak Arizmendiren aldeko penaltia adierazi zuen, eta Maria Herizek ez zuen barkatu 11 metroetatik. Horiexek izan ziren sarrailagileen minuturik txarrenak eta, berriro ere polemika tarteko, Mondrako atzealdeari bizkarra hartuta etxekoek arratsaldeko bigarrena egin zuten. Jokalari zuri-moreek jokoz kanpokoa eskatu zuten jokaldi horretan, baina epaileak ontzat eman zuen gola.
2-0ekoarekin Mondrako neskak esnatu egin ziren, eta Eider Zeziagak bigarren zutoinera ateratako korner batean Amaia Agirrek 2-1ekoa jarri zuen markagailuan. Norgehiagoka amaitzear zela eta galtzeko gutxi zegoela ikusita, sarrailagileek atzelari bat kendu zuten erasora jotzeko asmoz, eta orduantxe egin zuen arratsaldeko hirugarren Arizmendik. Gladys Fernandezek amaiera ezin hobea eman zion etxeko taldeak antolatutako kontraerasoari, 3-1ekoa eginez.
Hala eta guztiz ere, eta aurretik aipatu bezala, Mondrako neskek ez zuten amorerik eman eta norgehiagoka amaierara arte borrokatzen jarraitu zuten. Eta lehia amaitzear zela egin zuen arrasatearrentzako bigarren gola zelairatu berria zen Ane Zubizarretak. Eskuin hegaletik egindako erdiraketa bat aprobetxatuz, erdilari arrasatearrak amaierako 3-2koa jarri zuen markagailuan.
Sailkapena
Gauzak horrela, zapatuko derbyaren ostean Arizmendik aurrea hartu dio sailkapenean Mondrari. Jokatutako hiru partiduetatik bi irabazita, Aritz Elortzaren neskak bigarrenak dira sailkapenean sei punturekin, Mutriku liderrarekin berdinduta. Arrasateko taldeak bi puntu gutxiago ditu, Eibarrek bezala, eta hirugarren sailkatua da. Hurrengo asteburuan Mutriku hartuko dute Mojategin Mondrako neskek; Arizmendikoek, aldiz, Eibarren kontra neurtuko dituzte indarrak, kasu honetan berriro ere Ibarran.