2ª DIVISIÓN | martes, 14 de octubre de 2014
anorgakke.org
Partida hasi baino lehen abuztuan galdu genuen Julian Errastitiri, gure jokalari ohiaren Donetz Errastiren aitari, omenaldi txiki bat egin genion. Donetzek ohorezko sakea egin eta aitaren izena duen Añorgako kamiseta bat jaso zituen. Momentu hunkigarriak izan ziren Añorgako familiarentzat.
Minutu bateko isilune baten ondoren hasi zen lehia. Lehenengo zati trabatua ikusi genuen Rezolan. Aragonesako jokalariak zelaian ondo kokatuta hasi zuten partida eta defentsa sendo bat erakutsiz etzieten gure neskei beraien jokoa aurkitzen utzi. Markagailuan aurreratzeko aukerak izan arren, aragoiko atezaianak lan bikaina eginez arriskua zuten baloi guztiak aldaratu zituen.
Bigarren zatian beste partidu bat ikusi genuen. Gure neskek baloia jaitsi eta jolasten hasi ziren. Hasi eta berehala 1-0koa jarri zuen markagailuan Alaitzek jokaldi pertsonal bat burutu eta gero jaurtiketa sendo baten bidez. Handik eta minutu gutxitara Izaskunek 2-0koa eskuratu zuen aldaratze batean jaurtiketa gogor batekin. 3-0 hutsekoa penalti puntutik iritsi zen, penalti garbia egin zioten Izaskuni baloia hanketan zuela Aragonesako defentsak zangotrabatzean. Izasek berak hartu zuen penaltia jaurtitzeko ardura. 4. Gola Larraitz Mendiarazek, gure territorialeko jokalari gazteak, sartu zuen Izaskunekin bat-biko polit bat egin eta gero area ertzetik ezkerrarekin baloia eskuadrara jaurtitzean. Ederra 2. Mailan lortzen duen lehenengo gol hau Larrarena. 4-0koa markagailuan zela Aragonesako jokalariak beraien gola sartzen saiatu ziren baina Olatzen ateko sarea zulatzeko aukera handirik eduki gabe. Partidaren amaieran 5-0koa egiteko aukera izan genuen penalti puntutik berriro ere, honako hontan Alonsok hartu zuen ardura, baina Aneren jaurtiketak langan jo zuen.
Honela ba 4-0, 3 puntu berrirekin 4. Postuan kokatu dira Añorgako neskak. Datorren astean lehia gogor bat izango dugu beti zaila den San Ignacioren zelaian.