TERRITORIAL GIPUZKOA | lunes, 10 de noviembre de 2014
mondraberri.com / Argazkia: Juan Luis Elizaran
Sailkapeneko hirugarren postura igo duen garaipena eskuratu zuen zapatu arratsaldez, Mondrako nesken taldeak. Andoni Ezkurrak zuzentzen dituen neskek, Ilintxa talde legazpiarra hartu zuten Mojategin, eta erasoan erakutsitako eraginkortasuna nahikoa izan zuten 2-0ko emaitzarekin garaipen erosoa eskuratzeko. Neurketa hasiera nahiko parekatua izan zen halere, bi taldeek aukerak izan zituzten, eta hasieratik joko gogorra ikusi ahal izan zen. Etxeko zein Ilintxako jokalariek gogortasunez jardun zuten zelai erdian, eta falta ugari adierazi zituen epaileak.
Bi taldeen arteko lehia bizian, Mondrak markagailuan aurretik jartzea lortu zuen. Aukera pare bat izan eta gero, Nerea Dorronsorok baloia sareetara bidaltzea lortu zuen lehen zatia amaitu aurretik. Aldageletatik bueltan, partidua berotzen hasi zen, eta Ilintxako jokalari eta zaleen jarrera zatarrak tentsio momentuak eragin zituen Mojategin. Epaileak, jokalari legazpiar bat egotzi zuen eta horren ostean zenbait ika-mika izan ziren zale legazpiar eta gure kolaboratzaile den Juan Luis Elizaran argazkilariaren artean. Gauzak bere onera itzultzen ziren bitartean, Eider Zeziagak etxekoen bigarren gola egitea lortu zuen.
Partidu amaierako 2-0eko emaitzarekin, sarrailagileek sailkapeneko hirugarren tokian jartzea lortu dute. Datorren astean derbya jokatuko dute Mojategin momentuotan lidertzan den Arizmendi taldearen kontra. Azpian duzue atzoko partiduan ateratako argazkiekin osatutako galeria.