Mondrak ere ezin izan zuen Arizmendiren bolada ona eten

TERRITORIAL GIPUZKOA | miércoles, 19 de noviembre de 2014
mondraberri.com / Argazkia: Koldo Carrillo

 
Mondrak ezin izan zuen pasa den zapatuan Mojategin jokatu zen Arizmendiren kontrako derbya irabazterik izan. Andoni Ezkurraren neskek ahalegina egin zuten, baina zuri-moreen grina ez zen nahikoa izan denboraldi bikaina egiten ari den Arizmendi garaitzeko. Lehia parekatua ikusi ahal izan zen Mojategiko zelai gainean, baina bigarren zati hasieran Arizmendik egindako golak partidua hautsita utzi zuen.

Lehenengo zatian joko zatarra ikusi zen. Arizmendik baloiaren jabetza izan zuen, eta Mondrak zailtasunak izan zituen zelai erditik gora igotzeko. Baloiaren domeinuari baina, errentagarritasun gutxi atera zion Aritz Elorza arrasatearrak zuzentzen duen taldeak. Hori horrela izan arren, Arizmendik aukera zoragarria alferrik galdu zuen lehen zati bukaeran, eta markagailua hutsean mantentzeak ematen duen lasaitasunarekin joan zen aldageletara Mondra.

Lasaitasun horrek gutxi iraun zien baina Andoni Ezkurraren neskei. Aldageletatik bueltan, bigarren zatiko lehenengo minutuan, Lorek Arizmendiren gola egin baitzuen. Horren ostean minutuek poliki egin zuten aurrera, eta bi taldeek aukera gutxi sortu zituzten. Azkeneko hamar minutuetan Andoni Ezkurrak aldaketak egin zituen, eta zuri-moreek partidua berdintzeko aukera bikoitza izan zuten. Bukaeran baina 0-1eko emaitzarekin Arizmendirentzat izan zen garaipena.

Zapatuko derbyaren ostean, Mondrako neskak sailkapeneko laugarren postuan dira 11 punturekin. Hurrengo jardunaldian baina bigarren jartzeko aukera izan dezakete Mutrikuren zelaian irabazi eta lider doan Arizmendik Eibar menperatzea lortzen badu.


Albistea eta argazki galeria mondraberri.com-en