TERRITORIAL GIPUZKOA | miércoles, 21 de enero de 2015
mondraberri.com
Eibarren kontra garaipena lortuta sailkapen buruan jarraitzen dute zuri-moreek. Andoni Ezkurraren neskek ondo jokatu zuten, eta 20. Minuturako 0-2 irabazten zihoazen. Erregional preferente mailako Mondrak aldiz berdinketa eskuratu zuen zapatuan Tolosaren zelaian.
Ederto dabil azken boladan Mondrako nesken taldea. Ligako bigarren fasera ozta-ozta sailkatu eta gero, sorpresa ematen ari dira Andoni Ezkurrak entrenatzen dituen neskak. Atzo Eibarren zelaian ere partidu serioa egin zuten berriz, eta neurketa hasieratik garaipenaren bila irten eta gero, hiru puntuak Arrasatera ekartzea lortu zuten.
Partidua hasi eta berehala jarri zuten sarrailagileek garaipenaren lehenengo oinarria. Eibarren moteltasuna aprobetxatuta, Mondrak jokaldi landua osatu eta Eider Zeziagak 0-1ekoa sartu zuen partidua hasi eta berehala. Zuri-moreak nagusi ziren zelai gainean, aukerak sortu eta joko ona erakutsiz. Ingurumari honetan, Nerea Dorrosorok bigarrena egin zuen Mondrarentzat. 20. minuturako arrasatearrek partidua bideratuta zuten, eta bi goleko errentak ematen duen lasaitasunarekin erlaxatu egin ziren. Eibarrek hori aprobetxatu zuten Mondraren ate inguruan arriskua sortu eta atsedenaldi aurretik 1-2koa markagailura igotzeko.
Mondrako neskak ez ziren atzera bota baina, eta bigarren zatia hasi eta 16 segundotara Ane Arregik 1-3koa egitea lortu zuen. Abantaila honekin, bigarren zati lasaia izan zuten zuri-moreek epaileak partiduaren amaiera adierazi zuen arte. Hiru puntu hauekin Mondrak sailkapeneko lehen postuan jarraitzen du 10 punturekin. Datorren astean, Mojategin jokatuko dute seigarren den Amara Berri taldearen kontra.