LIGA VASCA | domingo, 29 de marzo de 2015
hernaninoneskenfutboltaldea.blogspot.com
Argazkia: Javi Urola
23.Jardunaldiari hasiera eman dio Hernani eta Tolosa neurtu dituen derbi gipuzkoarrak. Denboraldia amaitzeko partida gutxi falta direnean, irabaztea premiazkoa zuten bi taldeek. Tolosarrak aurreratu dira markagailuan Leire Lopeteguiren golari esker. Berdinketaren gola June Muxika txuriberdeak lortu du lehenengo zatian. Berdinketa gazi gozoa talde gipuzkoarrentzat. Argazkia: Maddi Aldasoro
Lehia bizia eta borrokatua
Derbiak beti dira bereziak, eta hori horrela jende ugari agertu da Zubietara Hernani eta Tolosaren aurkako partida gozatzeko asmoz. Giroan tentsioa nabaria zen, izan ere jokalariak helburu berberarekin egin dute salto zelaira: hiru puntuak lortuz, sailkapenean lasaitasuna lortzea. Oso norgehiagoka borrokatua izan da lehenengo minututik, bi taldeek beraien irudi hoberena eskaini dutelarik.
Golak lehenengo zatian
20.minutuan iritsi da Tolosaren gola, Leire Lopeteguiren eskutik. Golak, ez du partidaren hildoa aldatu eta jokalariak bere horretan aritu dira. Borroka bizia, baina beti ere errespetua gailenduz. Lehenengo zatian heldu da berdinketaren gola, June Muxikak jaurtitako korner bati esker. Markagailuak, zelaian ikusitakoa islatzen zuen.
Bigarren zatian, Tolosa berrindartuta
Atsedenaldiaren ostean, Tolosak indartsu ekin dio norgehiagokari. Lehenengo minutuak nahiko berdinduak izan badira ere, partidak aurrera egin ahala, tolosarrek baloiaren jabetza lortu dute. Azkeneko minutuak tentsioz beteak egon dira txuriberdeentzat. Tolosarrek gol aukera garbiez gozatu dute eta partida irabazteko aukera paregabeak izan dituzte. Maialen Agirre, Hernaniko atezainak egindako geldiketa ikusgarriek puntu banaketa ahalbidetu dute.
Datorren jardunaldian, Eibar
Aste santuaren ostean ekingo diote berriro txapelketari, eta Hernaniko neskek beste derbi gipuzkoar bati egin beharko diote aurre. Eibar, sailkapenaren lehenengo postuan kokatzen da eta bertan mantentzeko gogor borrokatuko dutela argi dute hernaniarrek. Baina, denboraldi honetan behin eta berriz erakutsi duten bezala, Andoni Loranen neskek talde boteretsuen aurka gogor lehiatzen dute. Gainera, txuriberdeentzat hiru puntuak lortzea oso garrantzitsua izango da, salbamena lehen bait lehen lortu nahi badute.
Hernani K.E.: Maialen Agirre, Mara Aldasoro (67´: Ane Ludwig), Maddi Ormazabal (86´: Andrea Galan), Ane Ibarburu, Andrea Isasa (58´: Iraide Pejenaute), Mireia Becerra, Leire Juanes, Katia Ludwig (72´: Uxue Rekondo), Mara Munduate (64´: Enire Beain), June Muxika eta Irati Altuna.
Tolosa K.E.: Amaia Otamendi, Leire Lopetegui (58´: Izaro Garmendia, 73´: Cynthia Borrachero), Nora Amondarain (45´: Izaro Goenaga), Mireia Igartua, Elixabete Garmendia, Nerea Murua, Olaia Balda, Mireia Sarasola (58´: Aitziber Azpeitia), Aiora Galarza, Mar Luzuriaga eta Alazne Garmendia.
Golak: 0-1, 20´: Leire Lopetegui,; 1-1, 32´: June Muxika.