COPA EUSKAL HERRIA | jueves, 21 de mayo de 2015
urolakosta.hitza.eus / Argazkia: Ainara Lozano
Euskal Herria Kirolak emakumezkoen Euskal Herriko Futbol Kopa antolatu du bosgarren urtez, hainbat eragile eta kirol elkarteren babesarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Zarauzko Udalarekin elkarlanean, txapelketako finala Zarautzen jokatuko da. Lau taldek hartuko dute parte, emakumezkoen futbol talde gorenek: Superligako Athletic eta Reala, eta bigarren mailako lehen euskal talde diren Aurrera Vitoria eta Oiartzun. Emakumezkoen futbola bultzatzeaz gain, “lehiakortasuna” sustatu nahi dutela azaldu du Euskal Herria Kirolako arduradun Kike Zurutuzak.
Lehia sistema finalerdietan eta finalean oinarrituko da, eta guztira hiru partida jokatuko dira. Lehen finalerdia Hendaian jokatuko da ekainaren 3an, eta Oiartzunek eta Athleticek neurtuko dituzte indarrak norgehiagoka horretan. Bigarren kanporaketan, ekainaren 7an, Aurrera Vitoria eta Reala ariko dira aurrez aurre Berriozarren. Finala Astiko futbol zelaian jokatuko da, abuztuaren 22an.
Zarautz Kirol Elkarteko futbol atalarentzat “ohorea” da txapelketako azken partida herrian antolatzea. “Emakumezkoen futbola bultzatzen jarraitu nahi dugu. Erreferenteak sortzea oso garrantzitsua denez, emakumezkoen futbolak interes gehiago piztu nahiko genuke”, aditzera eman du futbol talaeko kide Laura Gomezek. Horretarako, finalaren aurretik eta egun osoan partida gehiago lotu nahi dituzte, kirol eta festa giroa sortzeko Astin.
Euskal Herria Kirola 2009an sortu zuten euskal kirolariek, Euskal Herriko zazpi herrialdeak aintzat hartzen zituen txapelketak sustatzeko eta euskal selekzioa nazioartean onartua izateko helburuarekin. “Hutsunea betetzeko, eta aldarrikapenetatik praktikara eramateko filosofiarekin”, azaldu du Zurutuzak. Antolatzen dituzten hainbat gauzen artean, horietako bat emakumezkoen Euskal Herriko Kopa da.
Finalerdia - > Oiartzun - Athletic Hendaia (Lapurdi) Ekainak 3
Finalerdia - > Aurrera Vitoria - Reala Berriozar (Nafarroa) Ekainak 7
Finala ? - ? Zarautz (Gipuzkoa) Abuztuak 22