1ª DIVISIÓN | martes, 23 de junio de 2015
Goizarin (Diario Vasco Oiartzun)
Kirol emaitzaz gain, emakumeen kirola ikusi arazteko egindako lana txalotu da Oiartzun Kirol Elkarteko Nazional Mailako taldeari harrera egin zion atzo Udalak, Superligara igotzea lortu dutelako. Publikoki, egindako lana eta emaitzarengatik zorionak eman nahi izan die Udalak herriko nesken talde nagusiko jokalariei.
Hamarnaka herritarrek egindako pasillo batetik pasa ondoren iritsi ziren udaletxeko areto nagusira. Bertan, zain zuten udal ordezkaritza.
Enekoitz Markos Kirol zinego-tziak hartu zuen hitza, «kirol mailan egin duzuena izugarria» dela azpimarratzeko. «Hala ere, berdintasunaren ikuspegitik ere garrantzitsua da lortu duzuena. Oraindik ere, gizon-emakumeen artean ezberdintasun handiak daude gure gizartean, eta zuek beste inork baino hobeto dakizue futbolaren munduan nola den».
Horren ondoren, Anne Mugarza, Alazne Inziarte eta Nerea Abancens taldeko kapitainek hartu zituzten oroigarria eta lore-sorta, Eneritz Arbelaitz alkateordearen eta Domi Azpiroz Gizarte-Ongizate zinegotziaren eskuetatik.
Iraitz Mateo bertsolari oiartzuarrak ere bertsoz zoriondu zituen neskak, «primerara igo ez bazineten ere, guretzako primerakoak zarete» eder batekin bukatu zuen horietako bat. Udaletxeko balkoira atera ziren gero futbol jokalariak, Doneztebe plazan zeuden herritarren txalo artean. Inziartek, Mugarzak eta Maitane Toledok hartu zuten hitza.
Euren bidea errazten lagundu duten guztiei eskerrak eman zizkieten, baita «primerako afizioari». Hala ere, gogora ekarri zuten «kirol komunikabideetan, albisteen %5a besterik ez da emakume kirolarien ingurukoa». Horregatik, emakume kirolari guztiak izan zituzten gogoan. Bereziki gogora ekarri zuten, baita ere, Karla Lekuona zena, OKEko emakumeen futbol taldea sortzeko egin zuen ahaleginarengatik eta baita lehenengo taldea osatu zuten emakumezko jokalariak.
Bukatzeko, Olarri dantza-taldeko dantzariek Lartaun txistularien doinuak jarraituz agurra dantzatu zieten, OKEko kamisetak jantzita.