Tzibi: «Lagunen aurpegia ikustea izan zen hunkigarriena»
![]() Belauneko lesioa gainditzen hamaika hilabete eta erdi eman ondoren, amestutako berragertzea bizi zuen Tzibik. Zelaia zapaldu bezain laster, Athleticen garaipena biribildu zuen gola sartu zuen bizkaitarrak Urtebete iraun du Aitziber Juaristiren «gurutze-bideak». 342 egun pasa dira Atletico Madrilen aurkako partida aurreko beroketa saioan belauneko aurreko lotailu gurutzatua apurtu zuenetik zelaira itzuli den arte. Amestutako itzulerarekin disfrutatu arte: zelaian dozena bat segundo besterik ez zeramatzanean Athleticen garaipena gol batekin borobildu zuen. «Ez nuen inola ere espero horrela izatea -aitortu du Tzibik-. Normaltasunez egin nahi nuen, ez nabarmentzea, ez onerako, ez txarrerako». Baina «horrela gertatu zen», unea are hunkigarriagoa bihurtzeko. «Batez ere taldekideen ospakizunagatik. Hori izan zen hunkigarriena, lagunen aurpegiak ikustea, jendeak horrenbesteko ilusioaz ospatzea. Poztasun berezia ikusi nuen haien begietan eta, egia esan, futbolean, kirolean eta bizitzan oro har, ezin dut irudikatu lagunek zure lorpenak horrela ospatzea baino poztasun handiagorik». Lagunak oso garrantzitsuak izan dira hamaika hilabete eta erdiko epe horretan ere. Cerro del Espinotik Lezamara 400 kilometro besterik ez dago, baina Tzibik ibilitako bidea askoz luzeagoa izan da. «Bai, luzea eta gogorra. Banekien horrelakoa izango zela, baina, hala ere, ez da erraza. Dena den, Lezaman sekulako laguntza izan dut mediku, fisioterapeuta, taldekide... denekin. Ez bakarrik maila profesionalean, lesioaren osatze hutsari dagokionez. Horrelako prozesu luzean gorabeherak dituzu eta jendea hor egon da une zailenetan lagundu eta altxarazteko». Besteen laguntzak, baina, ez du askorako balio norberaren jarrera egokia ez bada. Zalantzek ez dute lekurik, ildo horretan, Tzibiren kasuan, lesioa 35 urterekin jasanda askok futbola utz zezakeela pentsatu bazuten ere. «Ez zait burutik inoiz pasa -azaldu du-. Argi nuen hasieratik zelaira itzuli nahi nuela. Banekien bidea luzea eta zaila izango zela, baina berdin zitzaidan luzera eta zailtasuna. Azken hamar urte hauetan Athleticen jokatu dut, baina futbolean bizitza osoa eman dut; disfrutatzen, baina baita lan handia egiten ere, eta ez dut uste nire karrerak horrelako amaierarik merezi duenik. Berriro jokatu nahi nuen», nabarmendu du. Horrela ekin zion bideari. Hasieran `operazio-gela' hitza entzun ere ez zuen nahi, baina ekainean ebakuntza egin zioten. Urte erdi eman zuen errehabilitazioan ondoren eta, negua gerturatzearekin, prozesu medikoaren atala itxi eta erritmoa berreskuratzearena zabaldu zen. Helmugari begira Azken-aurreko urratsa urte berriarekin heldu zen, Athleticek San Mamesen Arsenalen aurka jokatutako lagunarteko partidarekin. Izan ere, horretan izan zuen Tzibik berriro zelairatzeko lehen aukera. «Oso egun polita izan zen», baina joan den igandekoarekin konparaezina. «Guztiz desberdina da, benetako helburua ofizialki lehiatzea baitzen. Baina egun ahaztezina izan zen hori ere. Omenaldiagatik -Tzibi bera lehen titulua eskuratu zuen Athletic hartan zegoen-, agertokiagatik eta, noski, minutu batzuk jokatu ahal izan nituelako ere bai. Oso hunkigarria izan zen, gainera, nahiko urduri nengoen arren. Ez neukan beldurrik, baina ezin nuen belauna burutik kendu, batez ere saltoetan». Proba gainditu eta joan den igandean azken urratsa egin zuen, oraingoan bai, lehiaketa ofizialeko partida batean parte hartuz. Atzelari zurigorriaren ustez, ez da, hala ere, oraindik helmugara iritsi. «Oraindik demostratu behar dudala uste dut. Lanean jarraitu behar dut, entrenamenduetan ahalegintzen, nire oneneraino itzultzeko. Inon ez dira minutuak erregalatzen, eta Athleticen are gutxiago. Nik minutu horiek merezi eta aprobetxatu nahi ditut eta, horretarako, oraindik lan egin behar dut», nabarmendu du. Ilusio bat eta bi aurkari Athleticentzat Denboraldiko hilabete interesgarrienak zuzenean bizitzeko une egokian gainditu du Tzibik bere lesioa; aspaldiko partez, Athleticen garaipenarekin amai daitekeen denboraldiko zati erabakigarria. Baikortasunez ekingo dio, «taldea oso ondo ikusten dudalako. Sendo, gogoz, joko onaz... Iaz ere denboraldi bikaina egin genuen, baina Bartzelona Ligan eta Espanyol Kopan pixkatxo bat hobeto aritu ziren, edo zorte handixeagoa izan zuten une erabakigarrietan, eta atarian geratu ginen. Aurtengoa ere bikaina izaten ari da eta ni konbentzituta nago denboraldiaren amaieran merezitako saria lortuko dugula». Beti ere «ilusioa, lana, konpromisoa, identitatea mantentzen baditugu. Gure eskutan dago, baina ezin gara erlaxatu, aldea handia ez delako eta aurkariak, berriz, indartsuak baitira». Aurkariak, pluralez, zurigorriak ez baitu Bartzelona baztertzen. «Onegiak dira zazpi puntu nahikoa direla ziurtatzeko. Eta gainontzekoei gertatu zaien bezala, guk ere puntuak gal ditzakegu ustekabeko partiduetan, kontzentrazioa mantentzen ez badugu». Más noticias del: miércoles, 30 de enero de 2013
Más noticias en: 1ª División |
Últimas noticias
24/11/2015 | ESCOLAR BIZKAIA
|
Gurenet: Diseña, desarrolla y mantiene txapeldunak.com |