Igoera fasea: Beste garaipen batekin Mondrak lidertzan jarraitzen du
TERRITORIAL GIPUZKOA | lunes, 26 de enero de 2015
mondraberri.com / Argazkia: Koldo Carrillo |
 |
 |
imprimir |
Geldiezin jarraitzen du erregional mailako nesken Mondrak. Asteburu honetan gaizki jokatu arren, Amara Berriren kontrako partidua aurrera ateratzea lortu zuten sarrailagileek. Lider izateak ematen duen konfiantza eta kemena erakutsi zuten Andoni Ezkurraren neskek zapatuan, eta asko kosta zitzaien arren, sailkapen buruan jarraitzeko aukera ematen duten hiru puntuen jabe egin ziren. Partidu hasieratik, joko trabatua izan zen nagusi Mojategiko zelai gainean. Bi taldeek, gogor jardun zuten defentsan eta falta asko egin zituzten beren atea babesteko asmoz.
Mondrak partidua ondo hasi zuen baina, 20. minutuan talde jokaldi paregabean 1-0ekoa egitea lortu baitzuen. Eider Zeziagak baloia area kanpoan hartu, eta bi aldiz pentsatu gabe donostiarren ate barrura bidali zuen. Gol paregabea sartu zuen Zeziagak, Mojategin zeuden zaleen gustorako modukoa. Markagailuan aurretik, aukera gutxi egin zituen bere atea lasai mantendu zuen Mondrak.
Bigarren zatia hasi eta berehala berriz, atsekabe handia hartu zuten jokalari zuri-moreek, 30. segundoan Amara Berrikoek berdinketaren gola egin baitzuten. Banakoarekin joko zatarra egin zuten bi taldeek bigarren zati osoan zehar, eta azkeneko minututara arte ez zen emoziorik egon. Hala, eta partidua bukatzeko sei minuturen faltan, Itsaso Garaik atzean ostutako baloiaren ostean, Ane Arregik jokaldi bikaina egin zuen hegaletik erdiratu eta Ane Zubizarretak baloia sare barrura bidaltzeko. 2-1ekoarekin Amara Berri gora joan zen eta Mondrak aukerak sortu zituen kontraerasoan. Hori horrela, eta epaileak 3-1ekoa balio gabe utzi eta gero, Garazi Nogueirasek 3-1ekoa egin zuen partiduaren hondarrean.
Garaipen honekin, Mondrak lider moduan jarraitzen du 13 punturekin. Atzetik, Mutriku eta Añorga ditu, 12 eta 11 punturekin hurrenez-hurren. Datorren astean sailkapeneko zazpigarren postuan den Intxaurdiren zelaian jokatuko du Mondrak.
Albistea eta argazki bilduma mondraberri.com-en